Mauthausen-eko memoria

Gerra Zibila Euskal Herriak bere historian ezagutu duen tragediarik handienetarikoa da. 150.000 herritarrek ihes egin zuten, horien artean 30.000 haur; ia 6.000 fusilatu zituzten atzeguardian; 7.000 hil ziren frontean; eta 45.000 lagun atxilotu eta auzipetu zituzten.

Hala ere, gaur eguneko herritar gehienok gutxi dakigu gertatu zenari buruz. Agintari frankistekiko beldurrak, garaileek euren ankerkeriak berehala ezkutatu nahiak, bizi izandako momentu mingarri guztiak bizkor ahanzteko gogoak, edota seme-alabei amorrua ekidin nahiak berehala eten zuten gertatutakoari buruzko belaunaldien arteko transmisioa. Ondorioz, gure herriaren historia hainbeste markatu duen gertaera garrantzitsu hau ahanzten joan da, eta ez du behar bezalako errekonozimendurik izan. Gerra Zibileko biktimek min asko eta gorazarre gutxi ezagutu dute. Ondo eginaren pagua, ate ostean palua.

Jose Maria Agirre Salaberria Xemeingo Egizarre baserrian jaio zen, 1919an -1952. urtera arte, Xemein eta Markina bi herri ziren-. Bere gurasoak Doroteo eta Raimunda ziren. Jose Mariak hiru urte zituenean, familia osoa Irunera joan zen bizitzera. 1936ko irailaren 4an, Irun frankisten eskuetan jauzi zenean, familia osoak Bidasoa zeharkatu zuen, eta Frantziara pasatu zen, beste irundar askok bezala. Dena dela, 17 urte zituela, bera eta bere aita errepublikanoek erreklutatu zituzten, frankisten aurka borrokatzeko, eta Port Bou-tik Kataluniara sartu ziren. Hain zuzen ere, Kataluniako kostaldera bidali zituzten borrokatzera, eta bertan hil zen bere aita: Doroteo Agirre. Doroteok emaztea eta zortzi seme-alaba zituen. Jose Maria zen zaharrena.

Gerra Zibila bukatu zenean (1939ko apirilean), Jose Mariak Frantziara ihes egin zuen. Saint Ciprien-eko kontzentrazio esparruan sartu zuten lehenengo, eta, gero, Gurs-eko kontzentrazio esparruan. Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta alemaniarrak hurbiltzen ari ziren heinean, hainbat euskaldunek, Jose Maria tartean, utzi egin zuten Gurs-eko kontzentrazio esparrua. Dena dela, 1940an, alemaniarrek atxilotu egin zituzten, eta Estrasburgora eraman. Gestapokoek bagoietan pilatu zituzten, eta, egun biko bidaiaren ostean, Mauthausen-eko kontzentrazio esparruan (Austria) sartu zituzten; 1940ko abenduaren 13a zen. Markina-Xemeingo Garaian aldizkarian egin zitzaion elkarrizketa batean zioen bezala (Garaian, 17-1995:28-30): «Ezin da azaldu. Bizitakoa kontatzeko ez dago berbarik… zero azpitik 20 gradutara, uniformedun gazte armatu eta histerikoak, txakur diabolikoekin, gure gainera etorri ziren, eta inork atera ezin zuen toki batean sartu gintuzten. Biluztu, gorputz osoko ileak moztu eta desinfektatu ostean, arraiadun traje bat eman zidaten 4.553 zenbakiarekin, eta, aberrigabe espainiar guztiei bezala, barnean S bat zuen hiruki urdin bat jarri zidaten. Atxilotutako besteak bezala, gaizkile arruntek kudeatzen zituzten barraketariko batera bidali ninduten. Egunero, goizeko seietan jaikitzen ginen, eta kontzentrazio esparruko plazan kontaketa egin ostean, lanera ateratzen gintuzten, zubiak eta bideak egitera edo harrobietan lan egitera. Neguan, zero azpitik 30 gradutan. 1941 eta 1942 urteetan, harrobi batean lan egin nuen, eta nire lagun asko nola hiltzen ziren ikusi nuen. Urte gogorrenak izan ziren». 1945eko maiatzaren 2an ihes egin zuen amets gaizto hartatik, Ebensee-eko kontzentrazio esparrura eramaten ari zirela, Ameriketako Estatu Batuetako tropek Mauthausen-eneko presoak askatu aurretxoan (1945eko maiatzaren 5ean). Guztira, 54 hilabete egin zituen Mauthausen-en, 1940ko abenduaren 13tik 1945eko maiatzaren 2a arte. Zabaldu zenetik, 1938ko abuztuan, itxi zen arte, 206.000 pertsona pasatu ziren bertatik, eta horietatik 71.000 pertsona hil ziren gosearen, gaixotasunen edo gehiegizko lanaren ondorioz.

Askatasuna lortu ostean, bere familiarekin elkartu zen Frantzian, eta handik Mallorcara joan zen bizitzera. Preso egon zen garaietan, frantsesa eta alemana ikasi zituen, ala beharrez, eta ezagutza hori baliatuz, 1953an Mallorcako hoteletan hasi zen lanean. Bizitzaren ardatzean, gazi-gezak gelatzean.

Gure herriko beste hainbat pertsonari bezala, Jose Mariri asko kostatu zitzaion Gerra Zibilean edo Gurs-eko edo Mauthausen-eko kontzentrazio esparruetan bizi izan zituenak kanporatzea. Samina eta tristura handiegiak ziren inori ezer kontatzeko. Dena dela, 80. hamarkadatik aurrera, gerra zibilean eta kontzentrazio esparruetan bizi izan zituenak azaltzen hasi zen, eta hainbat hitzaldi eman zituen Mallorcako eskoletan eta ezker alternatiboko taldeen artean. Horrela, Pedro de Echave, Luis Ortas eta Albert Herranz zinegile eta dokumentalgileek bere historia jaso zuten, Mallorcako telebista publikoak egin zuen Memoria y olvido de una guerra dokumentalean.

Jose Maria 2009ko irailaren 6an hil zen, Mallorcan, 90 urterekin; baina xemeindar honen memoria bizirik gordeko da, bere historia mingarria kontatzeko izan zuen adoreagatik, eta norbaitek bere esperientziari eta pairatu zuen bortizkeriari behar bezalako garrantzia eman ziolako. Ongi egin bat ez da sekulan galdua.

Gerra Zibila bizi eta sufritu zutenen belaunaldia desagertzen ari da. Gure historiaren zati garrantzitsuenaren protagonistak hiltzen ari dira, behar bezalako errekonozimendurik gabe. Guztion lana da hauen guztien memoria bizirik gordetzea. Ez ahaztu memoriarik gabeko herria identitaterik eta etorkizunik gabeko herri bihurtzen dela.

Berria-k argitaratua