Jorge Cortes Izal, izan zirelako gara…

Izan zirelako, gara. Garelako izanen dira, baldin eta gu ere, Jorge eta beste aunitz bezala, «gara» horrek dakarren erronkari eusteko gai bagara

Aste honetan zendu zaigu beste euskaltzale erraldoi bat, abertzale zintzo bat. Bizitza oparotasunez eskainitako gizona. Egoera zailetan jardundako nafar sutsua. Bere lurra maitatu, bere herria berpiztu nahi izan duena. Lehen ikastolen bultzatzailea, non eta frankismoaren atzaparretatik ihes egiten hasia zegoen Nafarroan. 1936ko sarraski eta zauriak gainditu nahi zituen Nafarroan, erroetatik abiatuta bere burua berritu nahi zuen Nafarroan, sute aunitzen ondotiko errautsetatik birsortzen ari zen Nafarroan. Azken hatsa itzali arte Nafarroa eta Euskal Herria maite izan ditu.

Aldapa gora ibilitako gizona genuen Jorge Cortes Izal. Oztopoen aitzinean izutzen ez diren horietakoa. Ostarteak ikusten baditugu gure buruen gaineko zeruan, pertsona horiei esker da. Haiek eman zuten urratsa gau ilunean, argirik ere antzematen ez zelarik. Euskara bera debekatuta zegoen une latzetan.

Denok goraipatzen dugu orain Jorge Cortes Izal. Behintzat gure burua euskaltzale, nafartzale jotzen dugunok. Baina, ikasi al dugu zerbait haren ibilbidetik? Benetan ikasi nahi dugu berak emandakoaren esanahia?

Nafarroa ez dago Jorge eta beste batzuek lehen ikastolak bultzatu zituztenean bezala. Ez gaude frankismoan. Baina euskarak pairatzen duen eraso giroa ez da nolanahikoa. Ez dira izutzeko garaiak, jasotzen dugun presioa izugarria izanik ere. Jorge ez zen kokildu. Lehen pauso horiek eman zituztenek ez zioten zailtasunari erreparatu. Eskuragarriaren eta ezinezkoaren arteko muga hautsi zuten, ametsak errealitate bilakatuz. Erakutsi ziguten bidea ibiliz egiten dela, ez bideari buruzko etengabeko hausnarketetan murgilduta. Jendeak bultzatu du nafarron hizkuntza instituzioen kontra, baita epelkeriaren gainetik ere. Herriak sortu du ikastolen mugimendua. Jendartea izan da euskalduntze jardueraren protagonista, instituzio batzuek domina jarri nahi izan badute ere.

Norabide aldaketa behar dugu. Euskara gorrotatzen dutenekiko elkarbidetik etorriko ez den norabide aldaketa. Euskara, gure kultura, gure nortasuna eta jendartearen erabakitzeko eskubidea defendatzen ditugunon elkarlana da bidea. Aldapa gora ibiltzeko beldurrik gabe. Lurra zapalduz, jakinda aldapa gogor bat dugula gure aurrean, baina igotzen ahal dugula sinetsiz. Egia baita. Mirakuluak nola egiten diren ikasi baitugu Jorge eta beste askorengandik.

Instituzioak beharrezkoak dira euskarak dagokion lekua har dezan. Baina ezin da haien esperoan gelditu. Herria da subjektu nagusia. Eta gure herriak ezin izanen du egoera hau zatiketaren instituzioetatik gainditu. Gaur egungo kateak hautsi behar ditugu, horrelako katerik gabeko Nafarroa nahi dugun guzion elkarlanaz. Baina aldapari eutsiz, goraka jarraituz, ez atsedena hartzeko aitzakiak bilatuz.

Norabide aldaketa nahi dugun guziok ikasi beharko dugu batzen gaituena lehenetsiz. Ez da erraza izanen, askotan min egin baitiogu elkarri. Ez dago beste biderik, alta.

Izan zirelako, gara. Garelako izanen dira, baldin eta gu ere, Jorge eta beste aunitz bezala, «gara» horrek dakarren erronkari eusteko gai bagara. Biba zu, Jorge!

Publicado por Gara-k argitaratua