Historialarien biltzarra hartuko du Leitzak larunbatean

Euskal Herriko Historialarien III. Biltzarra izango da ostiralean hasi eta hilaren 16ra bitarte, Nabarralderen eskutik. Arrasaten, Leitzan, Agoitzen eta Iruñean izango dira saioak, eta Nafarroako konkistaren ondorioak jorratuko dituzte ikuspegi desberdinetatik.
Arrasateko etziko lehen saioaren ostean, bigarrena Leitzan izango da, larunbatean. Gaizkileen muga aztertuko dute bertan. Anjel Rekalde Nabarralde elkarteko zuzendariak dioenez, «sekula ez da aztertu hori konkistaren ondorio bezala. Gaur egunera arte ailegatu da, gainera, Euskal Herria muga horietatik baitugu zatituta.  Beraz, sinbolikoki, praktikoki eta  politikoki eta erakundeekiko izandako eragina aztertuko dugu Leitzako saioan».
10:00etan hasi, eta 14:00etan bukatuko den saioan, Floren Aoiz izango da, batetik, eta 1512ko konkistaren inguruko errelato españolisten kontraesanak aztertuko ditu. Bestetik, Beñi Agirrek istorio eta gertaeren bilduma egingo du, alor historikoa jorratuz. Azkenik, Koldo Martinez Garatek azterketa teorikoa egingo du. Mugak dituen baloreez eta estatuen arteko funtzionamenduaz ariko da. Hitzaldi horien ostean, 12:30ean, mahai ingurua hasiko da. Gaur egun konkistak duen eraginaz ariko dira Martxelo Otamendi kazetaria, Paulo Iztueta soziologoa eta Udalbiltzako Expe Iriarte.
Biltzarreko saio guztietan parte har daiteke, 60 euro ordainduta, edota saio bakarrean 20 euroren truke. Leitzako saiorako, Alke kultur taldearekin (alke@leitzakultura.net / 686 906 144) harremanetan jarrita egin daiteke, edo bestela Nabarralderen bulegoan (info-biltzarra@nafarroa.biz / 948 21 10 57). Antolatzaileek azaldu dutenez, aurreko urteetako biltzarrak arrakastatsuak izan dira 180 parte hartzaile ingururekin.