KAZETA 109

Ondarea eta Paisaiaren inguruko lehenengo sinposioa, urriaren 22an

Nabarralde Fundazioak eta Iturralde Ikerketa Elkarteak, Ondarea eta Paisaiaren Lehenengo Sinposioa antolatu dute Iruñean, Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren, Diario de Noticias egunkariaren eta Rural Kutxaren laguntzarekin. Publiko orokorrari zuzendutako sinposioa da, gure egunerokoan eragina daukaten gaiak diren heinean. Nola ez, arlo desberdinetako profesionalei ere zuzentzen zaie: urbanistak, paisajistak, arkitektoak, antropologoak, artistak, historialariak, arkeologoak, edota arlo guzti hauetako irakasle eta ikasleak ere.

Lehenengo edizio honen helburua ondarearen oinarriak eta kontzeptuak ezartzea da, baita paisaian daukan eraginaren inguruan mintzatzea ere. Halaber,  gai guzti hauen prospektibaren eta etorkizunerako norabidearen inguruko hausnarketa proposatuko da.

Orain arte baieztatuta dauden hizlariak hurrengoak dira: Fernando Pérez Gómez (Vianako Printzea erakundearen lehendakaria), Joaquim Llansó (Nafarroako Artxibo Nagusiaren zuzendaria), Francisco Etxeberria (Aranzadi zientzia elkarteko lehendakaria), Mikel Sorauren (historialaria, Nabarralde), Jokin del Valle de Lersundi (biologoa), Iñaki Uriarte (arkitektoa), Mikel Belasko (filologoa, euskal toponimian aditua), Mikel Baztan (lorezaina, hiri paisaian aditua), Pascual Larunbe (Ondarearen Defentsarako Plataforma).

Sinposioaren saio guztiak Kondestablearen Jauregian (Civivox Kondestablea) eginen dira, Iruñeko Kale Nagusiko 2 zenbakian. Dagoeneko izen-ematea irekita aurkituko du interesa duenak, Nabarralderen webgunean (www.nabarralde.com) edo nabarralde@gmail.com helbidera idatzita. Edozein argibidetarako, bulegora deitu daiteke (948 21 10 57).

Bestelako aktibitateak

Jardunaldi nagusiarekin batera, Ondarea eta Paisaia Sinposioak bestelako aktibitateak eskainiko ditu. Ekimen berezienen artean Koldo Artola filologoari eskainitako omenaldia egonen da, euskararen inguruan egindako lan oparoaren esker onez antolatuko dena.

Bestalde, jardunaldiaren gaiarekin estuki lotutako dokumental baten emanaldia eskainiko da Golem Zinemetan; eta Kondestablearen Jauregian ‘Paisaiari begira’ izenburuko argazki erakusketa bat zabalduko da.