Inicio Patrimonio "Haizeak eraman ez zituen hitzak entzungai; Euskal Herritik Argentinarako emigrazioa"

"Haizeak eraman ez zituen hitzak entzungai; Euskal Herritik Argentinarako emigrazioa" PDF Imprimir E-mail
J.V.M.   

Gutunak eta bideoak. Irisarriko Ospitalean izango da «Euskaldunen Argentina» erakusketa datorren ekainaren 4a arte. Bertan, 1850 eta 1930 urteen artean emigraturiko euskaldunen lekukotasun grafikoak bildu dituzte.

«Euskaldunen Argentina» izeneko erakusketa inauguratuko dute gaur arratsaldean Euskal Argentina Elkarteak, Nafarroa Behereko Museoak, Euskal Kultur Erakundeak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak babestuta. Irisarriko Ospitalean ekainaren 4a arte izango dira ikusgai 1850 eta 1930 urteen artean Euskal Herritik Argentinara abiatu zirenen lekukotasunak. «Batik bat Ipar Euskal Herrian izandako emigrazioa jasotzen du», azaldu du Terexa Lekunberri erakusketaren arduradunak. Argazkiek, dokumentu historikoek, «off»ean irakurritako gutunek eta ikus-entzunezkoek osatzen dute erakusketa hori.

Kepa Etxeandia Baionako argazkilariak proposaturiko ideiaren ondorioz sortu da “Euskaldunen Argentina” erakusketa, eta gaur Irisarriko Ospitalean 16.00etan inauguratuko dute. «Kepak Argentinan zuen senide bat aurkitu zuen duela hiru urte, eta hara joan zenean adierazi zigun bueltan argazkiak ekarriko zizkigula eta horiekin erakusketa bat egin genezakeela proposatu», azaldu du Terexa Lekunberri egitasmoaren arduradunak. Orduz geroztik, argazkiak ez ezik bestelako materiala bildu du urtebetez, eta egun, gutunak, dokumentuak, bideoak eta entzutekoak jasotzen ditu erakusketa horrek.

Terexak nabarmendu du: «Kepa ez da bide honetan ibili den bakarra. Izan ere, Euskal Argentina Elkartean dauden guztiek familia eta senideak aurkitu baitituzte. Helburu horrekin sortu baitzen Argentinan elkarte hori 1997. urtean; hango eta hemengo euskaldunekin loturak egiteko, alegia». Egitasmoa aurrera ateratzeko Euskal Argentina Elkartearekin harremanetan jartzeaz gain, Euskal Kultur Erakundeak bestelako babesleen laguntza ere aurrez ikusi zuen. Erakustaldiak jasotzen dituen lekukotasunak 1850 eta 1930 urteen artean oinarritzen dira eta honakoa esan du Lekunberrik: «Bai Hego eta bai Ipar Euskal Herriko jendeak emigratu zuen Argentinara, baina, kasu honetan, erakustaldiak batez ere Ipar Euskal Herriko emigrazioa du abiapuntu. Izan ere, Hegoaldetik emigrazioak segitu zuen 1936. urteko gerraren ondorioz».

Erakustaldiak lau zati ditu. Lehendabizikoak “Partitzea” du izena, eta hara joan ziren euskaldunen abiatzea, arrazoiak eta emigrazio agenteen lanak ditu mintzagai. Bigarren zatiak, berriz, euskaldunak Argentinara heldu zireneko lan-baldintzak, egoera soziala eta kultura eta nola integratu ziren jasotzen du.

“Gutunak” izenburuak adierazten duen bezala, hirugarren atalean, Atlantikoaren alde batera eta bestera idatzi zituzten eskutitzak bildu dituzte. Laugarren multzoan, berriz, gaur egungo euskal-argentinarren bizimoduaz jabe daiteke bisitaria, eta “Euskaldunak Argentinan Gaur” izenburua du.

Gune interaktiboa ere aurki daiteke Irisarriko Ospitaleko erakusketa horretan; bertan, bideoak ikusten ahal dira eta irakurritako gutunak entzun daitezke ere bai.

Atlantikoaren alde batera eta bestera lekukotasun historikoa.

Ez da lan erraza izan Irisarriko Ospitalean erakusgai izango den materiala sailkatzea. Erakust- aldiaren arduradun Terexa Lekunberrik adierazi du: «Donapaleun dagoen Nafarroa Behereko Museoan dauden artxiboetan bilatzen egon gara eta aukeratzeko orduan hautu asko egin behar izan dugu; aise dokumentu gehiago genituen baina denak ezin dira erakusketa bakar batean sartu. Gutxi dira bertan agertzen direnak, kontuan baldin baditugu zenbat dokumentu pasatu diren gure esku artean sailkatzeko orduan».

Erakusketak 1850 eta 1930 urteen artean izandako emigrazio mugimenduan jarri du arreta. Garai hura izan baitzen adierazgarriena, Argentinara Ipar Euskal Herritik euskaldun gehien orduan abiatu baitzen. «Arazo ekonomikoek, sozialek, iraultzako eta inprerioko gerrek baita zerbitzu militarrari intsumisio egiteak ere bultzatu zituen biztanleak Argentinara XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasiera bitartean», dio.Terexak.

Urte horietan hango eta hemengo euskaldunen artean igorritako gutunak irakurtzeko aukera dago erakusketan, baita egun bizirik dirauten emigrazio garaiko hainbat lagunen adierazpenak bideoz ikusteko ere. Adibidez, Donibane Garazitik 18 urterekin Argentinara alde egin zuen egun 93 urte dituen emakumearen gutuna entzun daiteke erakusketak ezarri duen gune interaktiboan. Angeluko serora batzuek Argentinara eginiko bidaiaren egutegia ere entzungai da leku berean. «Serora hauek 20 egun eman zituzten itsasontzian Argentinara heldu baino lehen, eta egunero idatzi zuten bidaiaz. Hara laguntzeko helburuarekin joan ziren», esan du Lekunberrik.

1905. urteko eskutitz bat ere jasotzen du Ospitaleak. «Mutiko batek emigrazio agenteari idatzi zion kexu gutuna da. Itsasontzian abiatu gabekoa zen hura, baina bertako baldintza txarrak aipatzen ditu». Gutun hauek idatzitako lau lagunak hilda dauden arren, bideoan agertzen diren lau lagunetatik hiru bizirik daude.

«Euskaldunen Argentina» Ipar Euskal Herriko zazpi meaditeka nagusietan kokatuko da. Ondoren, Garazin,Baigorrrin, Bidaxunen eta Zuberoan ere kokatuko da.

Argentinara eramateko proposamena ezeztatzen ez duten arren, hainbat aldaketa egin beharko liratezkela agertu du Terexa Lekumberryk. Izan ere oraingoko material guztiak frantsesez eta euskaraz daude eta hortaz, itzuli beharko litarezke.

Inaugurazioan erakusketaren lau babesleak izango dira.

Gaur inauguratuko dute erakusketa, eta han Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren presidente J.J. Lasserre, EKEko presidente Erramun Bachoc, Euskal Argentina Elkarteko Pierra Lako eta Nafarroa Behereko Museoko Urruti-Beheti izango dira.

17.01.2005

Publicado por Nabarralde-k argitaratua