Sendagile ona ala Constitucionalista?

Zuek zer nahi duzue, sendagile ona ala euskalduna? Herri honen ukatzaileek galdera maltzur eta erasokor horrekin jarri nahi izaten gaituzte euskaldun jendeok diskriminatzaile eta baztertzaile garenaren atakaren aurrean. Galdera maltzurra diot, galdera berak ez duelako zentzuzko erantzunerako biderik ematen. Galdera neutroa hau litzateke: zuek zer sendagile motak artatzea nahi duzue? Erantzun logikoa, berriz, hau: guk sendagile euskalduna eta ona nahi dugu.

Eta erasokorra diot espainiarrek oso berea duten esamolde bati jarraikiz egiten dutelako galdera, “Vale más un buen ataque que una defensa”: hobe eraso ona defentsan aritzea baino, alegia. Eraso horrek benetako bi asmo, gutxienez, ezkutuan uzten ditu, bata, sendagile ona izateko ez dela euskara jakin beharrik denoi ustearaztea (jakina, sendagile ona izan daiteke euskaraz soilik dakiena, frantsesez dakiena, espainolez dakiena ala hirurak dakizkiena; halaber, ingelesez, suedieraz edota suhajiliz dakitenek ere oso sendagile onak izan daitezke) eta bigarrena, helburu politiko kolonialista lortzea, hau da: euskaraz jakin beharrik ez dago, gaztelania berriz bai. Eta horrela, gaztelaniazko elebakar hiztunei bereziki zabaltzen diete hemen lanean aritzeko bidea, bertako euskaldun elebidunen eta gainerako Europako hizkuntzetan aritzen direnen kaltetan.

Galdera erasokor horrek ezkutuko beste asmorik ere badu. Adibidez, ez da esaten Osakidetzako oposaketen galde-sortetan Espainiako Konstituzioari buruzko anitz galdera ere badaudela eta horiek denak ere puntuagarriak direla. Zer dela-eta ikasi eta jakin behar du mediku europar batek 78ko konstituzioak diona sendagile ona izateko? Zertan laguntzen dio? Ezertan ez. Mediku ona izateko gaixoak artatzen ona izan behar da, eta euskararen herrian ona izateko, euskaraz jakin behar da. Hemendik aurrera artatzen nauen medikuari gaztelaniaz entzuten diodanean nire buruari zera galdeko diot. Hau mediku konstituzionalista izango da, bai, baina ona ote?