Erabakitzeko eskubideaz ETB 2 ko “El dilema” saioan

Ekainaren 21erako Gure Esku Dagok antolaturiko egunaren aitzakian Etb2-ko “El dilema” saioan , “Jostunak” dokumentalaren ondoren mahai inguru bat antolatu zuten. Mahai ingurua hasi orduko, dokumentalean Floren Aoizek eginiko galderari heldu zion saioko aurkezleak: Nork erabakiko  du zer?  Abiapuntu hortatik hasita, eztabidan hasi ziren gonbidatuak, bakoitza bere argudioekin. Ez gara gu orain eztabaidaren mamian sartuko. Han aipatu ziren kontzeptu batzuez eritzia eman nahi dugu soilik. Geure kezka Noaua!-ko irakurleekin elkarbanatzea dugu helburu. Eta Ika-mika honetan beste norbaitek parte hartu nahiko balu, ba mundial!

1) Eskubidea koloniek dute: “…erabakitzeko eskubidea, juridikoki ez da eskubide bat.  Nazioarteko legedian gehienez ere autodeterminazio edo sezezio eskubidea dago onartua, eta hori ere kolonien kasuan soilik…”

Ez da, telebistako mahai inguru batean, euskaldunon asakatasunaren aurkakoei argudio bera entzun izan diegun lehen aldia. Eta beraien ikuspuntutik normala iruditzen zaigu. Abertzaleen edo erabakitzeko eskubidearen aldekoek horri erantzunik  ez emateak harritu eta amorratu egiten gaitu ordea. Zer da ba Euskal Herria, zer da ba Nafarroa alegia, kolonia bat ez bada? Azken urteetan hainbat jendek eginiko lan eskergari esker, Konkista bat izan zela Yolanda Barcinak berak ere ukatu ezin duen garai hauetan,  nola da posible inork baieztapen horri aurre ez egitea telebistako eztabaida batean. Nahiz eta herri bezala, geure etorkizuna erabakitzeko, borondatea, herriaren nahia, etab.  nahikoa argudio  izan daitezkeen, nazioarteko legediaren aurrean indarra izan dezakeen argumentazioa ez dugu ba bazterrean utziko ala? Herri burujabe ginen, armen indarrez konkistatu eta kolonizatu egin gaituzte. Bizi dugun gatazka politikoan kontuan hartzeko datua izango da ba detailetxo hau ez?

2) Ez independentistak?? Telebistako eztabaidan aipatu zen eta gaur bertan ere, Gure Esku Dagoren ekimenaren biharamunean, Gemma Zabaletak, PSOEko kideak Berrian aipatzen du: …erabakitzeko eskubidea independentistek bere egiten duten moduan, berdin egin dezaketela bera bezala independentista ez  direnek.

Nor da independentziaren aurkakoa ba? Nor da askatasunaren aurkakoa? Nor da burujabetzaren aurkakoa? Sinonimoak dira guretzat 3 hitz horiek… Horrelakorik ez dagoela esatera ausartuko gara. Estatu batuarrak independentistak dira; uztailaren 4an ospatzen dute. Espainolak ere independentistak dira. Nongotar sentitzen zaren da kontua. Estatua dutenek beraien estatuak burujabe nahi dituzte.  Ez dugu uste Gemma Zabaleta Espainiaren independentziaren aurkakoa denik.

Gemma Zabaleta ez da euskal independentista, espainiar  independentista da.

Besterik gabe, kontzeptuak argitze aldera.

Ondo izan!

Idatziaren sinatzaileak*:

Jexux Agirresarobe, Haritz Harreguy, Oxkar Santamaria eta Aihert Goia