“Nafarroako Erreinuaren lur galeren ondorioz, euskararen eremua murriztu zen”

590.Nafarro.AltunaRekalde

“1200. Lurraldetasunaren galera” hitzaldiak ikusmin handia piztu du jendartean. Pleno-aretoa jendez bete da Aitzol Altuna [goiko argazkian, ezkerrean] historialariaren ezagutzak entzuteko. Tartean izan dira Ezker Abertzaleko, EAJ-PNV-ko eta Eusko Alkartasuneko ordezkari ezagunak.

Adierazi behar da hitzaldi hau kokatzen dela Gaztelako hiri-gutunaren 750. urteurrenaren harira antolatu den hitzaldi-zikloaren barruan.

Aitzol Altunak (Galdakao, 1971) azpimarratu du era honetako hitzaldien beharra: “Gure Herria berde dago, ez baitaude oinarri eta ezagutza nahikorik 1200. urteko inbasioa ulertzeko”.

Gure historian sakondu gura duten herritarrei aholkatu dizkie, besteak beste,  ondorengo webguneak:

Hitzaldiko lehen zatian, Altunak azaldu ditu Baskoniaren eta, lekukoa hartu zion, Nafarroako Erreinuaren ezaugarri nagusiak.

Laburbilduz, Baskonia erresistentzia gune bat izan zen, eta gertaera historikorik garrantzitsuena Orreagako gudaren garaipena izan zen (778. urtean).

590.Baskonia.Mapa2.NABARLUR (id: 2043287)

Guda hori baino egun batzuk lehenago, Karlomagnok Iruñea erretzea agindu zuen, estrategia militar bati jarraituz. Egun batzuk geroago, abuztuaren 15ean hain justu, euskaldunez osatutako ejerzito batek Karlomagnoren ejerzitoa mendean hartu zuen Orreagatik gertu.

Altunak data horren garrantzia azpimarratu du: “Gure benetako Aberri Eguna abuztuaren 15a izan beharko luke, euskaldunok egun horretan autodeterminatu baikinen”.

Karlomagnoren hilobak, Pepin I.a erregeak, porrot berri bat jasan zuen Orreagan 824. urtean, hain zuzen, Eneko Aritzak zuzendutako armada nagusitu baitzen. Kasu honetan, euskaldunek musulmanen laguntza izan zuten.

Eneko Aritza izan zen lehen errege nafarra, eta Nafarroako Erresumarekin 7 euskal herrialdeek izan zituzten hartu-emanei buruz mintzatu da Altuna. Erlazio horiek Goi Erdi Arotik mantendu ziren, dokumentuek frogatzen dutenez.

Gipuzkoari dagokionez, dokumentu zaharrenetan “Ipuz” bezala ageri da. Hitz horren esanahia “muga” izan liteke.

Arrasateri eta Leintz bailarari dagokienez, 1188an Nafarroako erregeak tenentzia izendapena eman zion Arlabanetik Deba arteko lurraldeari. Zergatik? Gatza orduan baliabide oso garrantzitsua eta urria zelako, eta Leintz Gatzaga beraz gune garrantzitsua zen. Gainera, Arlaban funtsezko pasabidea zen Gasteiz eta Gipuzkoa artean.

Altuna historialariak azpimarratu du “Nafarroako Erreinua Herrian oso errotuta zegoela. Antso VI Jakintsua adibidez 1177an adierazi zuen bera errege zela bertakoen (herritarren) fideltasuna frogatuta zegoelako”.

590.Nafarroa.Galera.Hitzaldi (id: 2118311)

Baina gatozen 1200. urtera, ze gertatu zen orduan? Laburbilduz, Gaztelako Koroak militarki inbaditu zuela Nafarroako Erreinuaren mendebaldea. Gutxi gorabehera gaur egungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

Gaztelako ejerzitoa Hegoaldetik egin zuen eraso, Trebiñotik. Dena den, bertako gaztelua inportantea zenez eta erregearen soldaduz babestuta zegoenez, ez zuen amorerik eman. Kurioski, horregatik gaur egun Trebiño ez da Araba.

Gaztelak Donostia ere setiatu zuen, eta hasieran erasoari eutsi zion, baina denboraren poderioz, eta beraz hiritarren gosetearen ondorioz, kanpotarrak bertara sartu ahal izan ziren.

Ejerzito kanpotarra Bizkaitik ere sartu zen, besteak beste, Galdakaoko defentsa apurtuz.

Erresistentziarik handia erakutsi zuen hiria Gasteiz izan zen. Gaztelako ejerzitoa 7-9 hilabetez setiatu zuen hiria. Azkenean goseteak behartuta, Arabako hiriburua ere jausi zen.

Baina non zegoen Nafarroako erregea, bere erreinua inbaditzen zuten bitartean? Badirudi Marokoko kanpaina militar batean.

Igor Altuna historialaren hitzetan, inbasio militar hau ez zen euskaldunek eskatutakoa. Hiri batzuetan agintari gaztelarrek mehatxu egin zieten herritarrei, aginte berria onar zezaten.

590.Nafarro.Erreinu.Galera.NABARLUR (id: 2179821)

Erdi Aroaz ari gara, eta Erdi Aroaz luze idatzi zuen arrasatear batek, Esteban de Garibay-k XVI. mendean. Espainiako Felipe II erregearen kronista ofiziala zen.

Garibayk Madrilgo gortean ikusi zuen politikari batzuek eskatzen zutela foruak bertan behera uztea. Izan ere, horien ustez “foruak erregeak emandako pribilegioak” ziren, eta beraz “erregeak berak pribilegio horiek bertan behera utz zitzakeen”. Horren aurrean, Garibayk defendatu zuen foruak “pakto bat” zirela.

Gaurko ekitaldian ikurrak ere mintzagai izan dira. Nafarroako sinboloa adibidez. Gaur egun ofizialki kateak dauzka, baina hori ez da beti horrela izan:

Izan ere, ikur horren jatorria baskoien izarra izan zen. Mendeak aurrera egin ahala, izar hori metalezko egitura batean transformatu zen. Espainiako Felipe II.ak (1500-1558), Nafarroako Erreinuko konkistaren ondoren, agindu zuen kateak jartzea nafar ikurrean, Navas de Tolosako guda (1212) argudiatuz.

Arrano beltza ere hizpide izan da ekitaldian. 1150 urtean hasi zen ikur hori jartzen Nafarroako dokumentu ofizialetan. Hasieran fondoa gorria omen zen. Baina ikur hori mantendu egin denez pergamino zahar eta horituetan, ba uste izan da fondoa horia zela. Horregatik Telesforo Monzonek hori koloreko fondoa jarri zion.

Altunak bere hitzaldiari bukaera eman nahi izan dio, ondorengo baieztapena aipatuz: “Erresuma hau da beti gurea, ez baitugu euskaldunok besterik onartu, ez aitortu. Nabarrako Estatua”.

590.Arrano.Beltza.NABARLUR (id:  2227518)

Galdera eta eskeen txandan, Ramon Ugalde historialari arrasatearrak adierazi du Nafarroako Estatuak ez zuela ezer euskaraz idatzi, eta beraz, ez zela Estatu euskalduna izan.

Aitzol Altuna historialariak erantzun dio euskara (latinezko jatorria ez duten beste europar hizkuntzek bezala) ez zela garatu oso berandura arte.

Halere, ezagutzera eman du Nafarroako Erreinuko ordezkaritza euskaraz hitz egiten zuela, adibidez, Ingalaterrak bitartekaritza-lanak egin zituenean Nafarroaren eta Gaztelaren artean. Horixe jasotzen da Enrike II.a Plantagenet erregearen “Division of kingdoms of Navarre and Spain” laudoan.   

Bi historialariak, ordea, bat etorri dira adierazterakoan orduko Nafarroako herritarrek euskaraz mintzo zirela. Altunak gainera baieztatu du “lurraldetasuaren galerak ekarri zuela euskararen eremua txikitzea”.

Hitzaldian Angel Rekalde historialariak ere parte hartu du, lehenbizi aurkezpena eginez eta gero galdera-erantzunen txandan hitza hartuz. “Euskara mendez mende iraun du euskaraz hitz egiten zelako merkatuetan, burdinoletan, portuetan,…”.

Mingostasunez esan duenez, “gutxiesten jarraitzen dugu gure estatua, gure hizkuntza. Kriston akulturizazioa jasan dugu eta geure burua gutxiesten jarraitzen dugu. Hemen estatua, lurraldea, kultura, hizkuntza,… egon dira eta horiek oinarri sendoak dira. Nafarroako erreinuak bere kontraesanak izan zituen, bai, baina erreinu guztiek bezala”.

590.Arrasate.Gaztelua.PAISAJES.ESP (id: 2499367)

Erreinu berezia izan zen, gainera, “Herria izan zelako Estatua sortu zuena. Oso zaila zen Erdi Aroan herritarrek nazio-kontzientzia bat edukitzea. Izan ere, feudalismoaren menpe bizi baitziren, eta eguneroko ogia lortzea zen euren helburu nagusia. Baina halere Herriak sortu zuen Estatua”.

Aitzol Altunak gaineratu du kanpotarrek bertoko “datu historiko asko erre” zituztela, “baina halere guk ez ditugu gure azalpenak mitoetan oinarritzen. Mitoak mito dira”.

Eztabaidaren txandan ere dikotomia bat jarri da mahai gainean: Arrasateko hiri-gutunaren 750. urteurrena ospatu ala ez. Rekalderen esanetan, “gu Herri bezala 1260 baino lehenago existitu ginen. Guri ez ziguten 1260. urtean historia sortu”.

Ana Isabel Ugalde historialari arrasatearrak baieztapen orokor bat eta galdera zehatz bat adierazi ditu: “Euskaldunon bertuterik onena irautea izan da. Zelan sentituko ziren indigena euskaldunak (eta indigenak diot) ikusterakoan Nafarroako Erreinuko agintariek Iruñeko okzitanoei pribilejioak ematen zizkietela XIII. mendean? Nabarreriako Gerran euskaldunak altxatu egin ziren ez zitzaielako eskubiderik aitortzen hainbat jardueran aritu ahal izateko”.

Aitzol Altuna historialariak zera erantzun dio: “Okzitaniarrak Iruñera ekarri ziren beharrezkoak zirelako komertzioa garatzeko eta erreinuaren defentsarako. Izan ere, euskaldunak feudalismoan sustraituta zeuden, eta ez zituzten jarduera horiek menperatzen”.

Ildo horretan, “gaskoiei esker, Santiagoko Bidea garatu zen. Gaskoi horiek denboraren joan-etorriarekin euskaldun bihurtu ziren”.

 

 

590.Nafarroa.Ikurra.NABARRA (id: 3013998)

 

Angel Rekaldek ideia horietan sakondu du, Jose Luis Orella Unzue historialari nafarraren hitzak aipatuz: “Orduko euskal gizartea nekazal-gizartea zen. Frankoek eta gaskoiek prestakuntza altuagoa zuten komertzioan adibidez. Horregatik Estatuak pribilejioak eman zizkien euskaldunei feudalismotik libratzeko”.

Dena den, “euskaldunek euren eskubideak defendatu zituzten, adibidez Champagne-ko monarkia Nafarroako tronora heldu zenean. Liskar batzuk izan ziren, errege arrotzak bertoko eskubideak errespeta zitzan, Horregatik, Nafarroako Foruak idatzi ziren. Halaber, hemen bizi ziren frankoek jatorri bereko jendea defendatu zuten”.

Horrek erakusten du “ez dela hain polita gure Estatua edukitzea, interes kontrajarriek talka egiten dutenean bereziki”.

Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate ohiak adierazi du, ikuspuntu lokal batetik begiratuta, inportanteagoa dela 1353. urtea 1260 baino. Izan ere, 1353an Garagartza, Gesalibarko Santa Ageda, Udala eta Uribarri elizateek bat egin baitzuten Arrasaterekin.

Gehitu duen moduan, “hiribildua ez zen sortu herritarren eskubideen alde, baizik eta interes jakin batzuen alde”.

Hitzaldi mamitsu eta beroa Angel Rekalderen hausnarketa batekin amaitu da: “Guri erreferentzia historikoak ezarri dizkigute gure historia egurtu dutenek. Noiz oinarrituko dugu gure historia gure erreferentzia historikoetan?”.

 

Testua: Gontzal Landa Herbias / Irudiak: Nabarlur.com, Paisajes españoles eta G.L.H. / 2010eko apirilak 28, asteazkena