1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren egoitza inauguratu dute

Mañueta kalearen 2. zenbakian dago, eta historia ezagutu nahi dutenen «erreferentzia eta topaleku» izateko asmoarekin zabaldu dute

Gaur ofizialki inauguratu dute 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren egoitza. Mañueta kalearen 2. zenbakiko bulegoan, Nafarroako historian eta, zehazki 1512ko konkistan interesa duen orok ekimenaren gaineko informazioa eta materiala topatuko du.

Politikaren, historiaren, hezkuntzaren zein kulturaren alorreko pertsonak bildu dira ekitaldian; besteak beste, Nabarraldeko zuzendari Anjel Rekalde; Aralar alderdiko Txentxo Jimenez, Mikel Azkona eta Xabi Lasa; ezker abertzaleko Marine Pueyo, Mikel Gastesi eta Patxi Urrutia; LAB sindikatuko ordezkari den Igor Arroyo; Etxauri, Billabona eta Berriozarko udaletako ordezkariak; Sortzen Ikasbatuaz erakundeko Nestor Salaberria; Justo de la Cueva soziologoa eta Mikel Buldain Txalaparta argitaletxearen izenean.

1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimena 2008an sortu zen, eta bultzatzaileen esanetan, helburu bikoitza du: «alde batetik, historikoki okerrak edo gaizki erabiliak diren kontzeptuak argitzea, eta bestetik, duela 500 urteko konkistak geure gizartean, bai garai hartan baita gaur egun ere, izan zituen benetako ondorioen gainean eztabaida eta ezagutza sustatzea».