Orreaga ahaztu duen herria gara

778ko abuztuaren 15ean Orreagako Batailan euskaldunok Karlomagnoren gudaroste frankoa garaitu genuen, eta haren ondorengoak jipoitu genituen 824. urtean, berriro Orreagako malkarretan. Gure herriak gure estatua sortu zuen hortik aurrera, eta antolamendu propio bati eman zion forma estatu horren estalpean, gure lege edo foruen bitartez.

Erromatarrek «damnatio memoriae» edo memoriaren kondena zeritzana erabiltzen zuten senatuaren aginduz pertsona edo herri oso baten lekukotasuna ezabatzeko: testu guztietatik kentzen zuten haren izena, haren ohorez eraikitako monumentuak bertan behera botatzen zituzten eta inork ezin zuen ezer idatzi edo esan beragandik. Gure historiak ere «damnatio memoriae» hori jasaten du, baina ez bakarrik gure etsaiengandik.

Ikastolak berreskuratu zituzten gure gurasoek, auzolanean, bertan beren haurrak hezteko, euskaldun gisa, euskal senaz. Haietako batetik irten nintzen ni, eta ikastola berean daude gaur nire haurrak. Euskaldun jaio eta hezi ninduten, horrek markatu du gehien nire nortasuna. Baina zergatik ginen euskaldun? Hau da, nortzuk dira gure gurasoak edo arbasoak? Zeintzuk izan dira gure orain arteko bizitzaren ezagutzak, lorpenak eta porrotak? Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, «herri honen misterioa ez da jatorria, bizirik irautea baizik».

Ikastola utzi nuenean, ez nekien erantzuna, inork ez zidan azaldu, inork ez zidan irakatsi; agian, inork ez zekien; agian, gaur ere ez dakite, berdin jarraitzen baitu gure iraupenaren misterioak. Ofizialki misterio bat da gure iragana, Espainiaren historiatik at (edo Frantziaren historiatik at) ez dugu historia edo memoria propiorik. Beraz, nekez eduki genezake nortasun propiorik. Horrela, ni ere inperialismoaren egia ofiziala onartzeko prest nengoen: baserritarrak izan ginen, gure mendi eder baina basatietan ezkutatuta bizi izan gara, zomorroak bagina bezala, beste herriengandik aparte.

Hori ez da arrazionala, ezta gure benetako iragana edo izaeraren bilakaera ere. Horregatik, gure historia ikasteari ekin nion neure kabuz, gure memoria kolektiboa berreskuratu behar nuela sentitzen nuelako. Baina lortzen nituen liburu guztiek ez ninduten asetzen. Ez zen gure historia edo memoria, gu menperatu edo menperatu nahi gintuztenenak baizik: erromatarren, godoen, frankoen, musulmanen, Gaztelaren, Akitaniaren, Frantziaren edo Espainiaren historia idazten dute gure lurretan dauden unibertsitateetatik ateratzen diren historialariek, eta hor gure herria subjektu pasibo bat besterik ez da. Gure memoria liburuetatik eta eskoletatik ezabatu dute, eta horrela oso zaila dugu etorkizun bat edukitzea inoren menpeko izan gabe.

Zergatik ez nuen gure historia nafar estatuaren ildotik harilkatzen galdetu zidan lagun batek behin. Historia bera kontatzen dut orain nire idatzietan, baina zentzua hartu du; horrela bai agertzen da gure herriaren nahia subjektu politiko gisa, gu garelako gure historiaren protagonistak. 778ko abuztuaren 15ean Orreagako Batailan euskaldunok Karlomagnoren gudaroste frankoa garaitu genuen, eta haren ondorengoak jipoitu genituen 824. urtean, berriro Orreagako malkarretan. Gure herriak gure estatua sortu zuen hortik aurrera, eta antolamendu propio bati eman zion forma estatu horren estalpean, gure lege edo foruen bitartez. Koldo Mitxelena ere konturatu zen horretaz: «Euskaldunok kanpotik zetozen inbasoreen kontra errebelatu ginelako eta frankoei eta bisigodoei ez genielako amorerik eman iraun zuen euskarak».

Bere buruari estatu bat eman dion herri zapaldu baten historia da geurea. Beraz, inbasore edo inperialista berriei amorerik emateko prest ez gaudenak gara gaurko nafarrak; Matalas zuberotar matxino eta erresistentzia-buruaren herri-kantuan esaten den bezala, «egiazko euskaldunak tirano arrotzen ohiltzeko (gure ama lurretik botatzeko)».

Horregatik, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen (Gipuzkoa) elkartzen gara urtero, gure herriaren erresistentzia-historia nornahiri bertan azaltzeko, han dagoen santutxoan giltzaturik aspaldi nafar batek harrizko oroitarri baten zizelkaturik hau idatzi zuelako gure memoria ezabatu ez zezaten: «Orreagara joan ginen eta Pirinio mendietara… Karlomagnoren armadaren kontra borrokatzera, frankoen erregearen kontra, gure Baskoniako herriarekin».