Alardeaz haratago

Gure hedabideetan hainbeste orrialde betetzen dituen Alardeaz (tradizionalaz, mistoaz…), edozer gauza esan daiteke. Ikusi besterik ez dago. Sinestunen alde bazaude eta xuxentasun politikoarekin bat bazatoz, edozein burutazio argitaratuko eta txalotuko dizute. Duela gutxi, tradizioaren aldekoak eta hainbat arrazoirengatik harekin kritiko agertzen zirenak ezker-eskuin (literalki) egurtzen zituen hausnarketa bat aurkitu dugu. Arrazoia banderatzat hartuta, noski.

Txundigarria da, eta harridura eta lotsa ematen du “egungo auzi politikoak argitzeko Historia baliatzea” (sic) deskalifikazioa irakurtzeak. Etsigarria da. Ez da beharrezkoa ikertzea nola sortu den egoera bat, nondik datorren, haren sustraiak bilatzea eta haren esanahia, azken batean? Artikuluaren egilearentzat, “posizioa ez hartzeko aitzakia” besterik ez da, nonbait. Gertakari historiko bat ospatzean ez badugu haren jatorria ikertu edo kuestionatzeko eskatzen, arazo sozialak eta ekonomikoak izarrei begiratuta interpretatu beharko ditugu hortaz…

Ohar hau idazten duenak posizioa hartu zuenez 1813an militar aliatuek Donostia erre eta  suntsitzearen inguruko eztabaidan, hona hemen hainbat burutazio, Hondarribiako Alarderako proposatzen direnen ildotik. Historiak oraingo irudikapenekin zerikusirik ez duenez, beharbada onartu egin beharko genukeen Bigarren Mendeurrena (1813-2013), zenbaitek nahi zuen bezala, desfile militar batekin ospatzea, tropa ingeles eta espainolekin (portugesak, gu baino uzkurrago edo kontsekuenteago agian, badirudi ez dutela espainolekin ezer ospatu nahi izaten).

Baten batek esango du, zauriaren gainean, pikoa; baina irudikapena gertakari historikoaren trasgresioa denez, eta ez gorespena, festa girotzeko bortxaketen simulazioak egin genitzake kale-kantoietan, eta su txiki batzuk piztu, modu kontrolatuan, San Juan bezperan bezala, gorpu kiskalien gainetik salto egiteko. Oso dibertigarria eta arau-urratzailea dena. Egia historikoa ikertzeak ez dakar kalea baionetez betetzea. Eta duintasuna oso ongi uztartzen da ezjakintasunarekin edo memoria historikoa desitxuratzearekin. Biba zu!

Baina, ondorio bitxiak ateratzeaz eta jai/ospakizun amnesikoez gain (Kataluniako Fossar de les Moreres edo Belfasteko Orangeko ordenaren ekitaldien aurkakoak ez bezala), kontuak gehiagorako ematen du. “Alardeaz hitz beste” idatziak “Alardearen zinezko auzia (…) emakumezkoen eskubideen auzia” dela dio. Nago, ditxosozko Alardea gorestearen goresteaz, argudio horri buelta ematen zaiola funtsean, eta “emakumeen zinezko auzia Alardea da” bihurtzen dela azken batean. Horixe da gure auzia, beraz. Feminista aurrerakoi prestua izateko ekitaldi hertsi, matxista, militarista, atzerakoi eta espainol batean urtero parte hartu ahal izatea eskatu behar dut, kritikarik gabe, tradizionalista talibanekin parekatua izan nahi ez badut. Izan ere, hutsaren hurrengoak dira gizarte patriarkalak alor guztietan dituen botere-egitura, prestigioa eta autoritatea, bigarren mailako zeregin eta postuetara kondenatzen gaituzten rol baztertzaileak (bai, “emakumez jantzita” doazen “kantinera politak” dituzten alarde mistoan ere bai!), emakume langilearen arazoak familia eta amatasuna eta lanpostua bateratzeko, publizitate, industria zinematografiko, balioen heziketa eta abarrei darien matxismo-kiratsa, etab. etab., urtero duintasuna ematen digun ekitaldi sinboliko honen aldean.

Emakumeen eskubideak ulertzeko (banalizatzeko) modu horri onartezina deritzot. Halako itxuragabekeria mentalarekin, normala da patriarkatua lasai asko ibiltzea.

Hirugarren hausnarketa alarde tradizionala herritarren artean sustraitzeari dagokiona da, eta zergatik dagoen hainbeste jende Hondarribian eta Irunen horren alde. Iradokizun bat, xumea, ez neohegeliarra, ez eta Bajtinek aipatua ere, baina bai beharbada errealitatetik hurbilagokoa, hau da: herri honetan barre egiten diogu geure buruari (8 apellidos vascos, Vaya Semanita…), baina oso serio hartzen dugu iruditeria espainola. Barreak bai, baina ez ukitu imaginario espainola. Antola ditzakegu ihauteriak, danborradak… baina tradizio espainolaren bertsioak ez daude txantxetarako. Sakratuak dira. Hori da auziaren gakoa. Alarde tradizionalaren aldekoek festa sakratutzat jotzen badute (beraz, ez da hainbeste “irudikapena” edo antzerkia), alarde mistoaren aldekoek, bertan parte hartzeko eskatuz (eta ez, karka hutsa delako, haren desagerpena, boikota, ukazioa, parodia…), ontzat ematen dute, hura indartuz. Gauza desiragarri eta miresgarritzat dute, eta hari dioten estimua erakusten dute bertan parte hartu nahi dutenean. Eta, horrela, gure herriaren kontrako garaipen bat ospatzen duen erritual zaharkitu bat, di-da batean ezabatu beharko litzatekeena, sendotzen dute. Edozein zalantza izanez gero, horra hor Belfasteko Orangeko Ordenaren ospakizunen polemika; hor gauzak garbiago dituzte, nonbait.

Mirari Bereziartua, Uxoa Larramendi, Angel Rekalde, Olaia Aldaz