Identitate estereotipoak eta umorea

Espainiako hedabide, alderdi politiko, biktima batzuen elkarte eta espainiar nazionalkeriaren talibanak asaldatuta dabiltza ETBren saio bat dela medio. Ez, ez da Ocho apellidos vascosen euskarazko bertsioa, ezta odolkiak ordainetan estilo bereko pelikula bat finantzatu dutelako. Adibidez, ocho apellidos ridiculos españoles: Mier de Cilla; Macía Pajas; Pere Gil; Lamata; Follador; Conejo; Gato; Verdugo. Eta egin zitekeen.

Esan gabe doa ez nik, ezta euskaldun gehienok ere, ez genukeela onartuko espainiarren identitatea iraintzea familia izen edo antroponimiakoak baliatuz. Nahiz eta eurek lizentzia historikoa hartu izan duten euskal abizenak desitxuratzeko sistematikoki: Agirre beharko lukeena Aguirre inposatuz edo Zubiri frantsesez Çubiri ematen dutenean. Esan gabe joan da ere, errespetua benetakoa izateko bi aldetakoa izan behar duela derrigorrean.

Eskandalua sortu dute bereziki umorezko marrazki batean espainiarrei “facha“, “paleto” eta “choni” deitzen zaielako. Esan beharra dago, saio horretako aurreko kapitulu guztietan gisa berean landu dituztela gaiak. Hori bai, euskaldunoi eta gure ohiturei, ligatzeko ez gaitasunari, baldarkeriari edota arlotekeriari buruzkoak ez dituzte sortu espainiarrengan barrea egiteko gogoa baino. Bai, gu ere emanak gara gure buruari barre egiteko joerari.

Oharra ere atera du Covitek, espainiarrei “irain” egiten zaiela salatzeko, eta jakinarazi du ETBri salaketa jarriko diola Europako Batzordeko arrazakeriaren eta intolerantziaren kontrako batzordean. UPNk, berriz, saioaren kontrako salaketa jarriko duela iragarri du, eta Ciudadanosek Fiskaltzari eskatuko dio saioa ikertzeko: “Espainiar guztiak iraintzen ditu espainiar izate hutsagatik”. Zozoak beleari, ipurbeltz.

ETBk otsailaren 18an eman zuen telesailaren azken kapitulua, haserrealdia ordea martxoaren 4an azaleratu zen hedabideetan. Argi dago irainduak ez dutela ETB ikusten eta ETB ikusten dutenak, berriz, ez zirela irainduak sentitu. Kontua da, matraka guzti horretan katramilatuta eta burrundara sortu zen egun berean, Ezkio-Itsasoko berbereizketari Espainiako gobernuak debekua jarri ziola. Frankok derrigorrean lotu zituen 1965ean eta Itsasoarrek, alde bakarreko erabakiz, berriro independenteak izatea erabaki dute.

Baina zein da (haserre), Espainiako Gobernua euskaldunoi gure herrietako bizitza nola antolatu behar dugun esateko? Zeintzuk dira horiek (oso haserre) gure abizenak desitxuratzeko?, gure identitatea manipulatzeko?, euskal presoengan estatu-mendekua ezartzeko?, beraien Konstituzioan gure hizkuntza bigarren mailan jartzeko?, Euskal Herria batasunean eta estatu independente batek gobernatua izatea bortxaz galarazteko?

Ez, espainiar guztiak ez dira fatxa, paleto eta choniak. Barka biezagute, guk hala barkatzen diegunez gero, halako ez izan eta irainduak sentitu direnak. Haserrea besteentzat da: Euskal Herriko euskaldunok lege eta Inperioaren inposaketaz etengabe mespretxatzen gaituztenentzat.