Toponimia eta Euskararen jatorria

WINSTON Churchill gobernari britainiarrak esaldi sakon-sakona bota zuen behin: gero eta atzerago ikusteko gaitasuna izan, gero eta etorkizunerantzago ikusteko ahalmena eduki. Esaldi hau hona ekarri dugu, euskararen etorkizunari begira, euskararen historiaren garrantzia nabarmentzeko.

Eta hizkuntzaren historian sakontzeko zer hobeto toponimia baino. Leku izenak elkarrekin aztertu daitezkeen arren, hor barruan garai historiko ezberdinetan sortutako hitzak ditugu, gizakia ingurumenarekin era desberdinez uztartzen joan ahala, horiek sortuz joan dira. Lehen lehenik mendi, ibai, haran, espazio handiak izendatuko zituen gizakiak, gero espazio txikiagoak. Nekazari bihurtu zirenean, landa zabalen izenekin batera izen txikiagoak sortuko zituzten, ortuak izendatu ahal izateko, eta noski, bizileku gisa sortutako etxe bakoi-tzari ere izena jarri zioten… Bitxia da baina herri baten antzinatasun maila, bere km2 bakoitzeko dagoen leku izenen kopuruaren arabera baloratuko bagenu, Euskal Herria sano zaharra dela ikusiko genuke.

Eta toponimiak gure herriaren historiaren lekukoa dugu. Horrela, bai gaur egungo Euskal Herri barruan eta baita gure mugetatik kanpo, hala nola Errioxa, Burgos, Akitania…gure arbasoek sorturiko izenek diraute hor, lekuko isil gisa, haietaz noiz gogoratuko garen zain. Leku izenak ere euskal nortasunaren adierazpide garrantzitsua dira. Izan ere, beste herri askotan bezala, hemen etxe eta herriei ez dizkiegu (hobe esanda, ez zizkieten) pertsonen izenik jarri. Alderantziz baizik. Pertsonek hartzen zuten baserriaren izena deitura gisa. Gaur egun, gero eta galduago dugu ohitura hau baina oraindik orain Zuberoan edo eusten diote horri. Honako hau euskal nortasunaren ezaugarrienetako bat da. Izan ere, gauden lekuaren izena hartuz gero bat egiten dugu naturarekin, ingurumenarekin. Gauzak ikusteko modu ekologikoa erabat.

Eta herri, baserri edo hiriguneetako etxeen izenak lekuaren deskripzioak izan ohi ziren, argazki linguistiko baten antzera. Horri esker, euskararen jatorriaren aritu diren batzuk, leku izenak inguruaren deskripzioak direnez, erroen esanahia ulertu ahal izan dute. Baina ikerketa baino lehenago, ezagutza sakona dugu egiteko gisa. Hau da, zeintzuk diren euskal toponimoak, non dauden, nola aldatu diren… Eta horretarako, Arteagan, Maiatzaren 17an egingo den Euskararen Jatorriaren V. Biltzarrean toponimia ikertzen aritu diren bi aditu izango dira: Luis Mari Mujika eta Bienvenido Mascaray.

Luis Marik inork baino hobeto ezagutzen du gure toponimia, Gipuzkoan, Iparraldean, Burgosen Errioxan eta berriki Araban, jaso dituen leku izenei esker. Guztira, 125.000 izen baino gehiago jaso ditu inguru hauetan. Ikertu dituen leku izen horiei esker, gure arbasoei buruzko hainbat gauza jakin dezakegu: noraino zabaldu ziren euskaldunak, euskalki bakoitzaren hedadura, etab.

Luis Marik garrantzi handia eman dio izen horiek jaso, aztertu eta behar bezala zabaltzeari. Horren lekuko dira orain arte arlo honetan argitaratu dituen liburuak. Toponimia jaso-tzeko iturri asko erabili baditu ere, nagusiki jabe erregistroan agertzen diren landa, ortu, baserri eta hainbat izen izan dira bere iturri nagusiak.

Bigarren hizlaria, Bienvenido Mascaray, iberieraren ikerlea dugu. Huescako Ribagorza eskualdean jaioa da eta bere iritziz, Iberiar penintsulako eremu askotan iberiara hizkun-tzari dagokion toponimia dugu. Bere iritziz, iberierak eta euskarak harreman estu-estua zuten eta toponimia horren lekukoa litzateke. Ribagorzako toponimiaz gain, Mallorcako toponimia ere aztertu egin du. Horrez gain, aragoiera hizkuntzaren aldaera den ribagorzeraren gramatika eta hiztegia ere egin ditu.

Arratsaldean Euskal Herriko zazpi hiriburu eta herrialdeen izenen etimologiaz arituko dira gonbidatutako zenbait aditu. Eta amai-tzeko, Iruña Okako aferan eztabaidaren akuilu lana egin duen Martin Elexpuruk azken urte honetako laburpena emango digu.

Dagoeneko 4 biltzar egin dira eta hasieran elkartea sortu genuenean jarri genituen helburu batzuk betetzen ari direla ikusi dugu: euskararen jatorriaren inguruan dauden ikerle eta lan nagusiak ezagutaraztea eta gai honi buruz eztabaida eta interesa piztea. Eztabaida bai lagundu dugu sortzen, batez ere Iruña Okako ostraken inguruan.

Gai hau euskal hizkuntzalaritzaren sinesgarritasunean flotazio marran dago zalantzarik gabe. Batetik euskal filologian irakasten diren zenbait edukiren kontra joan litezkeen euskal hitzak agertu dira ostraketan eta, Henrike Körr zenaren jarrera irekiaren ordez (lehenengo ostrakak ondo datatu eta gero hizkun-tzalaritzaren ordua helduko da), itxitasuna baino ez dugu ikusi euskararen ikerle askoren eskutik, batez ere Euskal Filologia irakasten duten batzuengan. Ostrakak faltsuak direla esateraino eta une honetan dugun indusketa arkeologiko aberatsena pikutara bidaltzeko zorian jarriz eta 15 langile baino gehiago lan barik utziz, arrazoi gabe epaitzeko bidea eman eta profesionalki betiko etorkizun gabe utziz.

Faltsuak direla esateko, hizkuntzalaritza arloko teorietan oinarritu dira, idazkunen froga analitikoak ez direla egin behar adieraziz. Horrekin batera, euskarazko hitzen testigan-tza falta dugu, 1000 urtetan dela aurkitu ezer aurkitu, Akitaniako hilarrietatik Donemiliagaren glosen aipamena arte. Nahiz eta orain gutxi, Iruña Veleian aurkitutako ostraken an-tzekoren bat gehiago aurkitu omen da Gasteiz ondoko Heredia herrian.

Beraz, euskarri material gutxi dugu, oraindik, euskal hizkuntzalaritzan nagusi diren teoriak behar bezala oinarritzeko. Arabako Aldundiko ikerketa Batzordeko bi hizkuntzalariek ez lukete Geologia eta Kimika arloak bazterrean utzi behar, egin duten moduan. Are gehiago, Arkeologiaren jakintzatik orain 50 urte bereizi zen arkeometria izeneko atala egon badagoela kontuan hartzen badugu. Arkeometriaren zeregina horixe da hain zuzen ere, materialak, idazkunak eta gainerako aztarna arkeologikoen data zehazteaz. Nola ote da posible arlo honetako aditu bat ere ez egotea Aldundiko Batzordean? Nola ote da posible Iruña Veleiako ostraken datazioak berriro egin ez izana?

Baina, beste aldetik, zorionez, gai honek aire berriak ekarri ditu euskal hizkuntzalaritzara eta ikerle finak ikusi ditugu lanean, boluntario gisa (ohitura onak ez galtzeko), eta euren izen eta prestigioa pikutara bidaltzeko arriskuan egonda ere, gai honen inguruan, aurreiritzirik gabe, euren lanak plazaratzen ari dira. Eta inoiz egon ez den eztabaida egotea lortu dute: 15 txosten ostraken egiazkotasunaren alde, 1.400 orrialdetan! Esango genuke, Iruña Okako ostrakekin, azken 20 urteotan egon ez den eztabaida izan dugula azken urte honetan: artikuluak, foroak, hi-tzaldiak herrietan… Baina Arabako Aldundian Kultura administratzen dutenak modu traketsean jokatzen ere ikusi ditugu, ezjakintasunaren historiara pasatuko den honako esaldia eskaini digutelarik “eztabaida zientifikoa amaitu da”.

Baina biltzarraren gaira itzuliz, Euskararen Jatorriaren Biltzarra sortu zenean genuen beste helburu biak, garrantzitsuenak ezbairik gabe, oraindik egiteko dira: jatorriari buruzko proposamen guztien azterketa konparatiboa egitea eta hiztegi etimologiko bateratu bat sor-tzea. Eginkizun hau denon esku jartzen dugu eta gai honetan elkarlanean aritzera gonbidatu nahi diegu gure hizkuntzaren alde dauden ikerleei.

Hizkuntzaren alde jotake ari den herri honek, atzera sarriagotan begiratu beharko luke hizkuntzaren gai honetan. Bestela etorkizunerantz zelan abiatu nekezago izango zaigu eta.

Deia-k argitaratua