Nabarralde EGUNEKOA  

Gabirel Ezkurdia
Iker euskal selekziora?
Nabarralde


Gabirel Ezkurdia

Iker dugu. Mohamed edo Ibrahim zitekeen izan, baina aita ez zen Afganistanen edota Kosovatik ibili, pikoletoa zoritxarrez Euskal Herrian izan zan, batek daki zertan, denok dakigun arren.

Polita izango zen Iker Mohamed izatea. Munduko atezainik onenetarikoa, Espainia "cuartoetara" bidali duena, Mohamed Casillas liteke, baina Iker dugu, "gure" Iker y salva España!

Nork esango zuen Iker izeneko Mostoleseko espainol batek espainiar aberriaren duintasun "ez nazionalista" bermatuko zuenik. Noski,"Iker es Iker" eta "tal y como suena, es un nombre español". Euskal izenak, inoiz ez bezala, espainolak dira egun. Pasatu ziren, derrigorrezko soldaduzka bezala, sargento txuskeroen sasoi ilunak.

Egunero Telecincon edo Antenatresen Ainhoa edo Nerea eguraldiaz mintzo dira. Gran Hermanon Aitor edota Koldorik ere izan da. Nonahi Iñaki mordoa bada ere, Edurne edo Leire Operación Triunfotik pasatu dira. Jone, Itziar... euskal izenak modan daude Espainian eta azalean bada ere, errealitatea mozorratu eta XXI. mendeko Espainia "anitza eta demokratikoan" euskal izena izateak "guay" dela ematen du.

PPn, adibidez, Iñaki Oyarzabal Mendebaldeko Nafarroako diputatu popularra, nahiz eta bere eskola notak patetikoak izan, aspaldian euskal kurrikulumaren aurka jo ta su ari da. Eskola porrotetik Legebiltzarrera bai marka!, eta gainera, Ignacio ziteken arren, Iñaki da. "Iñaki de toda la vida" eta espainola da oso, Iker Casillas, eguraldiko Ainhoa edota gure Loiolako Ignacio batuta baino espainolagoa, eta batez ere bera Iñaki da, Iñaki. Han eta hemen.

Gure Patxi, Paco edo Francisco izatekotan, ez zen hain "jatorra" izango. Paco López asko daude munduan, baina Patxi maitagarria eta "de la tierra" izateaz gain, aurrerakoia ematen du eta gainera Lehendakari izateko ezin hobea. Horregatik, Patxi López, Patxi dugu, arazorik gabe, goitik behera, han eta hemen.

Iñaki Azcuna ere, Iñaki da. Ez da Inazio ezta Ignacio ere ez, logikoena izan arren.Bera ere Iñakitxu dugu, piper poto eta guzti. XXI. mendeko jelkidea, modernoa, postmodernoa eta metamodernoa, baina hori bai, Iñaki, Iñaki Osoa.

Beste Iñaki askoren artean Mihail Gorbachev datorkit burura. Mihail Mihail da. Miska hurbilekoentzat, baina Mihail. Espainia bisitatu zuenean, Mihail jarraitzen zuen izaten eta ez Miguel. Zeren eta Mihail Miguel da, "porque Mihail significa Miguel, ¿no?", baina Mihail errusiarra denez, No problemo, Mihail Mihail da, Nikolae, Pietro edota Vitali lagunak errumaniarrak, Niko, Pietro eta Vitali diren bezala. Han eta hemen guretzat eta guztiontzat. Eta gainera, Errusiak bi aldiz galdu du Ikerren selekzioaren kontra. Izorra adi Miska!

Baina zenbait komunikabidetan, han eta hemen ere, Iñaki de Juana, Ignacio da. Politikoki eta militarki, nahi ta nahi ez, Xabier Alegria, Javier den bezala, edota historikoki Jassoko Xabier, Javier izan den moduan. Ignacio eta Javier euskaldunak dira, subversiboak, intsumisoak, eskubiderik gabeko gizakiak, toleraezinak, izena ere galdu behar duten horietakoak. Pernando- Fernando, Kepa-Pedro, Miren-Maria edota Edurne-Nieves bezala. Ez dira ez katakunbetako kontuak, espainiar demokrazian oinarrizko jarrera arrunta baizik: Euskal izena izatea erasogarria da, izen horrek espainola ez den gizaki aske eta intsumitu bat definitzen baldin badu.

Muturretara joan barik. Hedabide askotan beste kultura bateko edozein deitura konplikatuenak ere errespetu minimo bat du. Baina Idoia Zenarruzanosequé ez, kategoriarik gabeko anderea dugu, nahiz eta ez dakit zein mailatako instituzioetako kargu izan, baina Ibarretxeren laguna izanik... euskal abizenak mespreziagarriak eta barregarriak dira.

Gaurko Espainia "demokratikoan" zure nortasuna bermatzeko espainiar hiritar zintzoa edota atzerritarra izan behar duzu. Bai, atzerritarra, legalki atzerritarra, ez Espainiak kolonizatu eta zapaldu duen herri bateko subditoa. Fideltasun konstituzionalaren alorrean ez da arazorik nahi duzun izena izateko, baina adi alor horretatik at egotekotan.

Hara hemen aspaldiko gertaera paradigmatiko bat. Badela urte pare bat, Barreda tar Leopoldo Radio Euskadin zegoen. Sinsorgada baten inguruan eztabaida zela eta, entzule baten deia jaso zuten. "Hola, soy Mikel de Leioa". Bere iritzia bota eta segundura Leopoldok erantzuna luzatu zuen. "Como ha dicho Miguel de Leioa..."

Mikel ez zen De Juana edota Alegria. Ezta Casillas ere. Mikel Miguel zen. "Miguel porque sí, porque lo digo yo, porque en España se habla en español" Baina Iker, selekziokoa, Iker da, Ainhoa, Telecincokoa Ainhoa, eta Iñaki ere, partidukoa, bai PPkoa zein PNVkoa, gure Iñakichu dira.

Espainiar unionisten jarrera hau historikoa bada ere, egun inoiz baino nabariagoa da. Joseba Mirena Aznarrek edo Joseba Koldobika Rodriguez Zapaterok ez zuten inoiz haien izena euskaratuta ikusiko, atzerritarren izenak beti errespetatzen direlako, Mihailen kasu, han eta hemen, eta batez ere, euskaldunak, ez garelako inposatzaileak, faxistak.

Baina gure herrian, kolonizatzaile kulturalek zerbaitetan huts egin dute. Euskal izendegia, itzuli ezinezko izenekin ari da aspaldian hazten, eta gainera haien hizkuntza inposatua eta inposatzailea, inperiala, euskararen eragina ere jasatzen ari da. Hara, beraz, Espainolaren defentzarako plataformak eratzearen beharra, espainola "arrisku" larrian dabil eta. Eta kontuz... porrota borobiltzeko Iker agian euskal selekzioak ere fitxatu dezake...Inguratuta zaudete!