Nabarralde NABARMENA  

Jokin Sagarzazu
Polizi indarkeriak 109 lagun hil dituela jaso du Landaren txostenak
Berria


ETA eta Polizia parekatzea leporatu dio PSE-EEk Giza Eskubideen zuzendariari, eta haren dimisioa eskatu du PPk

Txostenaren ondorioak aztertzeko denbora behar duela adierazi du EAJk

Indarkeria politikoaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketen beste biktimei buruzko txostena aurkeztu zuen atzo Jon Mirena Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean.

1968. urtetik, "kontrolik gabeko" poliziek, eskuin muturreko taldeek eta erakunde parapolizialek eragindako 109 hildako eta 538 zaurituren kasuak jasotzen ditu txostenak, eta gehienak 70eko hamarkadan gertatutakoak dira. Txostenak bi sailetan bereizten ditu biktimak. Estatuko segurtasun indarren indarkeriak eragindakoak batetik, eta indar parapolizial eta eskuin muturreko taldeenak bestetik. Halaber, argitu gabeko egoeran desagertutako edo hildako lagunen hainbat kasu jasotzen ditu. Besteak beste, Joxe Arregi, Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi edo 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko langileen kasuak aipatzen ditu Giza Eskubideen departamenduko zuzendariak. Halaber, urte hauetan guztietan, 5.000 eta 7.000 tortura salaketa inguru jarri direla zehaztu du.