| Nabarralde | NABARMENA |
Alberto Barandiaran |
|
| Peio Monteano Historialaria | |
| Berria | |
|
Erdi Aroko Nafarroaren gainean hainbat ikerketa egin ditu Peio Monteanok, eta gaur egun Nafarroaren konkistari buruzko liburua ari da prestatzen. Noaingo gudua konkistaren une nagusietakoa izan zen. "Erdi Aroko gudu bat izan zen" Nafarroako Artxibo Nagusiko goi mailako teknikaria da Peio Monteano (Iruņea, 1963), eta hainbat artikulu, hitzaldi eta liburu idatzi ditu Erdi Aroko Nafarroaren inguruan. Bost bat urte darama Nafarroako konkistari buruzko liburua prestatzen: konkista, nafarren ikuspegitik. Dioenez, Noaingo batailari buruz gutxi ikertu da orain arte, besteak beste, unean uneko dokumentazio gutxi dagoelako, eta, behin Gaztelak erresuma erabat menderatu eta gero, gaia tabu bilakatu zelako nafarren artean. Zergatik daude Noaingo gudua buruzko horren lekukotasun gutxi? Noaingo bataila oso erabakigarria izan zen, baina ez zen horren garrantzitsua izan. Nik irudipena daukat bi aldeek arinegi hartu zutela bataila egiteko erabakia. Ez zen unea? Kontua da armada nafar-frantsesa -batez ere frantsesa-, Nafarroa hamabost egunetan berreskuratu ondoren, Logroņoraino joan zela, hiria setiatzera. Gaztelan zegoen krisia baliatu nahi zuten, komuneroak matxinatu egin zirelako enperadorearen agintearen aurka, baina azkenean enperadorearen armadak komuneroak Villalarren garaitu ondoren, bizkor abiatu ziren Logroņoko setioa altxatzera. Haien zain egon gabe, Foixko Andresek, alegia, Asparros jeneralak, setioa altxa eta Iruņera erretiratzeko erabakia hartu zuen. Itzultzeko, garai hartan batere ohikoa ez zen bidea hartu zuen hala ere, Garestik barna datorren errege bidea jarraitu beharrean, Hiriberri eta Mendigorriatik barna Tiebas ingururaino iritsi zelako. Zergatik bide hori? Zaila da esaten. Urte hura ez zen ona izan, uzta txarra zetorren, eta hornikuntza arazoak zituzten. Baina badirudi berarentzat toki hura, Artederreta ingurua, Muruzabal eta Izarbeibar artean, toki ona zela, Tiebasko gaztelua ere ondoan baitzuen. Malda batean zegoen, kokagunea defenditzeko indartsu, beraz; zaldunek, malkarretan, ezin dutelako ezer egin. Eta ematen du gaztelarrek ez zutela artilleria askorik, oso azkar egin zutelako Logroņotik Iruņerrirainoko bidea. Asparrosek han espero zituen, baina gaztelarrak ez ziren azkenean hara azaldu. Garesera iritsi, eta gaztelarrek abisua jaso omen zuten Asparros han zela, Tiebas inguruan zain. Eta, orduan, Luis Beaumontek erabakia hartu zuen Erreniega pasa eta Iruņerrira beste bide batetik iristeko. Eta gauez Erreniega pasa, eta Eskirotz ingurura iritsi ziren eguerdi aldera. Hau da, Iruņea eta Asparrosen artean jarri ziren, eta Asparros buelta ematera behartu zuten. Badirudi egun hartan bero egiten zuela, eta jeneral frantziarrak pentsatuko zuen beharbada une ona zela bataila emateko, besteak nekatuta zeudela pentsatuko zuelako. Gudua nola izan zen, zehatz-mehatz? Lekukoek kontatu zuten Nafarroako erregearen aldekoak ondo hasi zirela. Artilleria ona zuten nonbait, eta hasieran min egin zuten. Gaur egun aireportua dagoen inguruan hartu zuten tokia, han zelaigune bat zegoelako, eta muino txiki batetik ondo menperatzen zuten ingurua. Infanteria gaskoiarra tartean zen, artilleria babesten. Eta zaldunak atzean. Badirudi Asparrosek ez zituela oinezko soldadu asko, eta gaztelarren zaldunek karga egin zutenean, oreka hautsi egin zela, artilleria hartu, eta Asparros atzeman baitzuten. Hor amaitu zen bataila. Esan daiteke Asparrosen akatsa izan zela? Zaila da epaitzea. Kontuan hartu behar da garai hartan nola egiten ziren gauzak, soldadu askorentzat bizirik irautea zelako helburua. Intendentziarik gabe, eta hornikuntza arazoak tartean. Baina garbi dago akats taktiko bat izan zela. Armada baten zain egon eta bizkarretik harrapatzea, non eta zure inguruan, Nafarroan, hori akats larria da. Logroņoraino joatea ere akatsa izan zen, garbi dago. Iruņean soldaduak ere baziren. Ez ziren saiatu ateratzen, laguntza emateko? Aztertu beharko litzateke ze armada zegoen. Gudua igande batekin izan zen. Ostegunean, 600 bat lagun atera ziren Iruņetik. Inguruko monasterioetan aterbetu ziren eta parte hartu zuten batailan. Zergatik ez ziren soldadu gehiago atera? Ez zen infanteria ondo antolatua, esperientziarekin, gaztelar jaunen zaldunen erasoari aurre egiteko. Asko zapatariak ziren, larru-ontzaileak. Egia da Asparros laguntzen zain geratu izan balitz... baina dena ustekabe handi samarra izan zen. Gaztelarrek ere ez zuten espero Asparros harrapatzea. Asparros militar ona zen? Militar profesionala zen, baina ez du ematen oso estratega ona zela. Ustekabe horregatik azal daiteke, beraz, batailaren kronistarik ez izatea? Kronistak izan ziren. Carlos I enperadoreari zehatz-mehatz kontatu zioten bataila, mezulari asko atera zirelako bataila amaitu eta gero. Gaur ezagutzen dugun kontakizun gertuena, Prudencio Sandoval apezpikuarena, baliteke horretan oinarritzea. Badakigu mezulari bat gutxienez Flandeserantz atera zela, zaldiz. Eta mezulari horien lekukotsunik ez dago? Nik Simancaseko artxiboan behintzat ez dut ezer aurkitu. Lekukotasun horiek, askotan, ahoz ematen zituzten, ez zituztelako frogak utzi nahi. Mezu bat bidaltzen zuten, "eta sinistu kontatuko dizuna" jartzen duena, eta kito. Zenbat hildako zehazteko, zalantzak daude. Ez dirudi oso logikoa 5.000 hildako baino gehiago izatea, bakarrik alde batean, ezta? Nik uste dut, oso bat-batekoa eta ustekabean prestatu zenez, ez zela ez oso jendetsua ez oso hilkorra izan. Eta nondik ateratzen dira zenbakiak? Garai hartan, inon ez dute esaten hainbeste hildako izan zenik. Galtzaileek ez ohi dituzte paperak uzten, noski, eta Gaztelako kontuak zehatzenak dira. Nik ikusi ditut hainbat soldaduk eta jaunak entregatzen dituzten paperak, gero kobratzeko, eta zaldiena nahiko fidagarria da. Zaldia hiltzen bazuten, gero kobratu egiten zuten. Eta ez dira hainbeste, nik hamar bat zaldi ikusi ditut. Sandovalek esaten du Gaztelako bajak 300 izan zirela, eta Asparrosen armadan asko izan zirela, baina hori oso arraroa da. Heriotzak gehiago ziren bataila ondoko jazarpenetan, batailan bertan baino. Gainera, agiriak begiratu eta ez ditut izen-abizenak dituzten hildako asko aurkitu. Ez dut ikusten, "Noainen hilda" dioen agiririk. Soldadu xeheak izango ziren akaso. Bai, baina orduko armadetan, errolda pasatzen zuten bataila baino lehenago, eta bataila amaitu eta gero, jakiteko nor zegoen bizirik, nork alde egin zuen, nor zauritua. Horren arabera kobratzen baitzuten. Eta unitate batzuetan ikusten da %10 galdu zituztela, baina normalean, %2-%4 izaten da, eta hori oso gutxi da. Garai hartako ohiko bataila bat izan zen? Italian oso bataila handiak jokatzen ari dira garai hartan, armada profesionalak daudelako han. Garai hartan, guduak artilleriaren erabilerak erabakitzen zituen. Noainen, Frantziako artilleria izan zen, baina esan daiteke Erdi Aroko gudu bat dela oraindik. Erdia Aroa zaldunen garaia da. Oinezko soldaduek tokiak, gotorlekuak eta gazteluak babesten dituzte, eta setioak egiten ditu, baina zaldunak dira batailak erabakitzen dituztenak. Bataila modernoak hasten dira infanteria nagusitzen hasten denean. Bataila ezerosoa A.B. Iruņea Bi gatazka eta bi garairen arteko talka izan zen Nafarroako konkista, Peio Monteanoren hitzetan. Alde batetik, Frantzia eta Espainiaren arteko gatazkaren pieza baten gisara agertzen da erresuma txikia; bestetik, Nafarroa barruan, agramontear eta beaumontearren arteko gatazka bizirik dago. "Milani gertatzen zaiona gertatzen zaio Nafarroari", dio historialariak. "Batzuetan, Nafarroaren gaineko presioa leuntzeko, Italian borrokatzen dira bi estatu handiak, eta alderantziz. Eta barruan, gerra zibila dago, banden arteko kontu garbiketa. Horregatik da oraindik Erdi Arokoa". Historia baliatzeko dagoen joera kritikatu du artxibozainak. "Gaur egun, arazoak sortzen dituen bataila da, ez delako ondo egokitzen. Krak egiten die Espainiaren betiko batasunaz hitz egiten dutenei, garbi geratzen delako konkista bat izan zela. Eta krak egiten du, beste aldetik, konkistatzaileetako asko euskaldunak zirelako. Eta Nafarroako parte handi bat konkistatzaileekin zegoelako. Gaur egungo ikuspegitik, krak egiten du. Batzuek gauza batzuk ahazten dituzte, eta beste batzuek, beste batzuk". Nafar gehienak frantsesekin zeudela esan daiteke? "Ez. Mendialdea Beaumontearrena da, Erronkari kenduta. Eta Erribera, berriz, agramontearra. Baina egia da Beaumontearrek askoz jende gehiago mobilizatzeko gaitasuna dutela, besteak beste, horretarako botera dutelako. Konkistaz geroztik, botereaz jabetu dira, eta Gaztelaren administrazioari esker diru asko egin dute". Lehenengo kronika (1614) "Eta altxatu ziren, espainolen kontra" Prudencio Sandoval izan zen Noaingo guduari buruzko lehen kronista, 1614an idatzitako Carlos V.a enperadorearen bizitza eta ekintzen historia liburuaren bidez. Horrela kontatzen du guduaren bezpera eta gudua bera: "Frantsesen azken eguna lur puska baten malkarretik pasatzea izan zen, orduan Reniega deitzen zena, eta orain Perdoneko Ama Birjina, zeinetatik Iruņuletik Artaxoara, Tafalla eta Erriberrira joateko pasatzen baita. Eta toki ona hartu eta hantxe aterpetu ziren, Zubiza izeneko tokian, mendatearen babespean, Iruņetik zein Garesetik bina legoara. Iruditu baitzitzaien toki hark abantaila ematen ziela, pasabidea hartu baitzuten, eta espainolak behetik etorriko baitziren, eta horrela abantailaz borrokatuko baitziren haien kontra (...). Naxerako Dukea, jenerala baitzen, Garesera iritsi zen, hain zuzen frantsesak bezperan egondako herrira. Abisua eman zioten frantsesak non zeuden eta ze abantailak zituzten, eta bere kontseilua bilduta, oso arriskutsua iruditu zitzaion frantsesak pasatako tokitik pasatzea, zeuden tokian egonda. Eta atzera egitea, lotsagarria zela, eta ez zitekeela egin; eta han gehiago itxaroteak ez zuela zentzurik. Bai baitzekitelako frantsesak Iruņeko hiria gotortzen eta hornitzen ari zirela. Horregatik erabaki zuten beste bide batetik joatea, luzeagoa izanda ere. Eta joan ziren bidetik gora, eta orain erret bidea deitzen den tokitik pasa zuten, eta handik zuzen Iruņera, bi legoa gehiago eginda ere, arerioa bilatzeko, eta berarekin borrokatzeko erresumatik bota arte". "Behin hori erabakita, 1521eko urteko ekainaren azken egunean, oso goiz abiatu ziren, gida onak lagun, jendea gogoz eta animoz, nahiz eta eguzkiak goitik jo, eta, behin ere gelditu gabe, inolako ustekaberik edo zorigaiztokorik gabe, iritsi ziren, eguerditik lau ordu pasa zirela, eta han hasi ziren aterpetzen, Ezkiroz izeneko zelaian, Iruņea eta frantsesen kanpalekuaren artean. Legoa bat baino ez zegoen bien artean (...). Frantsesak harritu egin ziren han ikusi zituztenean, ez zutelako abisurik jaso, eta ez zutelako irudikatu bide hori. Eta Asparros Jaunari eta bere kapitanei iruditu zitzaien, han egonda, Iruņerako bidea itxia zutela eta, ondorioz, erresuma babesgabe utziko zutela, eta erabaki zuten bataila ematea. Eta ikusirik onena zela lehenbailehen egitea, beraiek deskantsaturik zeudenez, eta gaztelarrak nekatuta eta goseturik, erabaki zuten gehiago ez itxarotea. Eta altxatu ziren eta batailoiak martxan jarri ziren, artilleria aurretik, danborrak eta txilibitoak ozen, espainolen aurka. Eta hauek ulertu zutenez frantsesak bazetozela, utzi egin zuten bazkaria eta deskantsua, eta armak hartu eta ordenean jarri ziren hain azkar eta hain animoso, frantsesak azkar ibili baziren ere, prest aurkitu zituztela, eskuadroiak osatuta. "Frantsesek mendate on bat irabazi zuten artilleria egokitzeko, eta hasi ziren min handia egiten espainolen artean. (...) Hainbeste, bost mila laguneko eskuadroi bat atzera egiten hasi zen. Eta Gaztelako almiranteak, zaldun batzuen laguntzaz, haiengana jo izan ez balu, eta ekintzez eta hitzez geldiarazi izan ez balitu, galduta ziren. Baina hainbesterako izan zen almiranteak egin zuena, ahalegin handiz itzuli egin ziren, eta arerioen kontra egin zuten berriro. Bestaldetik, frantsesen zaldunek gogo handiz egin zuten aurrera, beste eskuadroi baten aurka, eta hautsi egin zuten. Baina Gaztelako konestableak, zaldun talde batekin jendea animatzen eta ohartarazten ari baitzen, infanteria motel zebilela ikusi zuenez, agintea hartu eta frantses zaldunen aurka horren gogor jo zuenez, eta nahiz eta haiek bizkor eta gogoz defenditu ziren, azkenean ia denak hil edo preso hartu zituzten. Eta hori gertatzen zela, infanteria espainiarraren eskuadroi bat, ikusirik frantsesen artilleria min handia egiten ari zela, asko eta oso ona baitzen, joan zen artilleria zegoen tokiraino, eta armak babesten ari ziren mila gaskoien aurka borrokatuz, hautsi egin zituzten, eta ihes egitera behartu zituzten, eta artilleria irabazi zuten horrela. Eta horrenbesteko izua eta beldurra eragin zuen besteengan, bi orduren buruan Espainiaren garaipena aldarrikatu zuten". |
|